Aralarrek preso maputxeen egoera salatu eta lege antiterrorista bertan behera uzteko eskatu dio Txileko Kontsulari

E-posta Inprimatu

Wallmapuwen alderdiko Hector Cumilafekin batera, Jon Abril alderdiko koordinatzaileordeak eta Iosu Murgia Bizkaiko koordinatzaileak Txileko Kontsuletxearen atarian egin dute agerraldia, preso maputxeek sufritzen duten egoera salatzeko, eta oraindik indarrean den diktadura garaiko lege antiterrorista bertan behera geratu dadin eskatzeko.

 

 

Joan den uztailaren 12az geroztik gose greban diren 31 preso maputxeren osasun egoerak eta prozesalak kezkatuta, Txilek Bilbon duen Kontsultetxean izan da Aralar gaur goizean. Wallmapuwen alderdi maputxeko kide Hector Cumilafekin batera, Jon Abril eta Iosu Murgia alderdiko kideak izan dira bertan.

Txileko 5 kartzelatan dauden preso hauek diktadura militarraren garaian onartutako Lege antiterroristapean epaituak izaten ari dira. Prozesatutako pertsona hauei leporatzen zaiena ikusirik, gehiegizkoa eta neurriz kanpokoa iruditzen zaio Aralarri lege hau erabiltzea. "Lege honek Txileko sistema judizialari bide ematen dio herritarrak epe luzez badaezpadako kartzelaldian atxiloturik edukitzeko; eta era berean, identifikaziorik gabeko lekukoak erabiltzea ahalbidetzen du. Lekuko hauen deklarazioen benekotasunak dituen zalantza zilegiei, prozesu politikoak izaki, are kezkagarriagoak dira jakinik lekuko horiek fiskaliarengandik diruz sarituak izaten direla", agertu du Jon Abrilek.

Cumilafek, bere aldetik adierazi du "lege honek oinarrizko giza eskubideak urratzen dituela uste dugu, eta gure kezka agertu beharrean gara, jakinik soilik militante maputxeei aplikatzen zaiela. Estatu batek legeak modu dikriminatuan erabiltzen dituela jakiteak bereziki kezkatzen gaitu, are gehiago maputxeen kontra erabiltzen dela jakiteak. Horrezaz gain, atxilotuetako batzuk pairatzen ari diren epaiketa bikoitza salatu beharrean gara, justizia zibilak eta militarrak epaituak izaten ari baitira, kasu beragatik. Bateragarritasun hau Txileko erregimen juridikoaren berezitasuna izanagatik ere, oinarrizko printzipio demokratikoen kontrakoa dela iruditzen zaigu, eta herri maputxearen aldarrikapen sozialak zigortzeko neurri gisa ulertzen ditugu".

Abrilek ere Asel Luzarraga idazleari elkartasuna helarazi nahi izan dio. Datorren abuztuaren 25ean bere aurkako epaiketa hasiko da, 5 urteko kartzela zigorrari aurre egin beharko dio idazle bermeotarrak. "Herri maputxeari elkartasuna agertze hutsagatik inor atxilotzea eta epaitzea guztiz deitoragarria da, eta Txileko Gobernuak maputxeen eskubideen defentsa oro isilarazi nahi izana" gaitzetsi du Abrilek.

Egoera hauek salatzeko Aralarrek ekimenak aurkeztuko ditu ikasturte hasieran instituzio ezberdinetan.

Txileko Kontsulari helarazitako gutunean, Aralarrek Txileko Gobernuari eskatu dio preso politiko maputxeen eskariei erantzun egokia ematea: ez diezaietela lege antiterrorista aplikatu; justizia militarrak ez ditzala epaitu; eta Wallmapuko lurralde gatazketako militarizazioarekin bukatu dadila. Halaber, "Lege Antiterrorista bertan behera utz dezala, nazioarteko legediaren arabera, eta justizia militarraren eremua mugatu dezala" eskatu zaio, "honetatik kanpo utziz zibilak epaitzeko gaitasuna, estatu demokratiko bati dagokion moduan".

You are here