
Aralarrek barne hausnarketa prozesua jarri du abian, UPNren alternatiba izango dena osatzeko, eta era horretara, Nafarroan aldaketa politikoa gauzatzeko. Halaber, alternatiba horretan PSN ez dela sartzen azaldu du, “garai hori joan delako”.
Txentxo Jimenez Nafarroako Aralarreko koordinatzaileak esan duenez, sozialistek bertan behera utzi dituzte aldaketa politikoa gauzatzeko bi aukera, “ezgaitasunagatik”, “beldurragatik” eta “bestelako dependentziengatik”. “Ezin dugu pentsatu 2015ean ere bestelako jarrera izango dutenik”, azpimarratu du.
“Aldaketa etorriko da, baina ez da alderdi sozialistarekin izango”, gaineratu du, eta azpimarratu duenez, UPNk eta PSNk lortu duten akordioa “ulertezina eta naturaren kontrakoa” da.
Aralarren ustez, akordio horren atzean dagoena “Estatu arrazoiak” dira. “Bi alderdi horien konfrontazioa eta jarrera baztertzaileak lehenesten dituzte, gizarteak egoera horiek gainditzea nahi duenean”, nabarmendu du Txentxo Jimenezek.
Horregatik, “UPNren alternatiba izateko bestelako formula bat” diseinatu beharra dagoela uste du Aralarrek. Horren oinarriak zeintzuk izan daitezkeen azaldu du Jimenezek. Izan ere, NaBaik (8), Bilduk (7) eta Izquierda-Ezkerrak (3) batzen dituzten parlamentarioak UPNrengandik (19) oso hurbil daude. “Horixe da bidea”, agertu du. Dena dela, bidea hori den arren, alternatiba osatu ahal izateko landu beharreko bidea dagoela zehaztu du.
Oposizioak bide “zaila, baina oso interesgarria” daukala esan du, Parlamentuan ez delako aukerarik izango Gobernuaren politikak aldatzeko. “Hala ere, oposizio sendoa eta tinkoa beharko da, PSNren boto-emaile haserretuak konturatu daitezen aldaketa alderdi horretatik inoiz ez dela etorriko”.








