Aralarrek altxamendu militarra eta diktadura frankista kondena ditzala eskatu dio Espainiako gobernuari

E-posta Inprimatu

Aralarrek altxamendu militarra eta diktadura frankista kondena ditzala eskatu dio Espainiako gobernuariII. Errepublikaren kontrako altxamendu militarraren 75. urteurrenean, Aralarrek Legez Besteko proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean, Espainiako gobernuari eskatuz gertaera hura kondena dezala, bai eta nulutzat jo ditzan orduko sententzia errepresibo eta jarduera judizial errepresibo guztiak. Aralarren bozeramaile Aintzane Ezenarroren ustez, "terrorismoaren biktimei memoria zor zaiela azpimarratzen duten PPk eta PSOEk asko dute egiteko oraindik Frankismoaren biktimei dagokienez".

 

"Estatuak diktadura frankista argi eta garbi kondenatu beharra dauka, nulutzat jo orduko sententzia errepresiboak eta hainbeste denbora itxaron duten frankismoaren biktimak aitortu eta erreparatu behar ditu". Hala iritzi dio Aralarren bozeramaile Aintzane Ezenarrok. Hori dela eta, "40 urtez milioika pertsonei oinarrizko eskubideak ukatu zizkien altxamendu frankistaren 75. urteurrenean, ekimena hartu dugu Legebiltzarrean eta estatuari eskatu diogu diktadura hura kondena dezala".

 

Ezenarroren ustez, "PP-PSOE terrorismoaren biktimei zor zaien memoriaz eta errokozimenduaz ari dira behin eta berriz, baina askoz ere ahulago ari dira frankismoaren biktimei zor zaien egia, justizia eta erreparazioa aitortzeko orduan. Ez da onargarria frankismoaren biktimei zor zaien memoria ez lantzeko aitzakia moduan erabiltzea horrek antzinako zauriak ireki ditzakeela. Izan ere, memoriarik gabe ezingo dira inoiz zauri horiek behar bezala itxi", gehitu du bozeramaileak. Gauzak horrela, "terrorismoaren biktimei memoria zor zaiela hainbeste azpimarratzen duten horiek asko dute oraindik esateko eta egiteko eta, ezinbesteko deritzogu estatuak gertaera hura kondenatzeaz gainera, frankismoaren biktima guztiei ere merezi duten errekonozimendu eta ordaintza instituzionala aitortzea".

You are here