
Koalizioak desadostasuna agertu du Bilduk bere funtzioekiko egin duen utzikeriagatik eta biktima batzuk bakarrik errekonozitzen dituen mozioak aurrera egin dezan utzi duelako.
NaBairen Altsasuko udal taldeak salatu egin du PPren arduragabekeria indarkeriaren erabilera partidista egin duelako plenoan eta era horretan, uko egin diolako indarkeria guztiak gaitzesten dituen adostasuneko testuari. Era berean, deitoratu egiten du Bildu erakutsi duen ardura falta, ez duelako nahi izan bozketan parte hartu eta era horretan bide eman diolako alde bakarreko indarkeria eta biktima batzuk bakarrik aintzat hartzen dituen mozioari.
Nafarroa Baik plenoan bertan adierazi duenez, era horretako mozioen kasuan egokiagoa da testuak adosteko saiakera egitea, indar politiko guztien artean, ahalik eta babesik zabalena lortze aldera eta herritarren islarik egokiena izan dadin. Hori dela eta, koalizioak salatu egin du "hain berezia den indarkeriaren eta biktimen errekonozimenduaren gaian, PPk erabilera alderdikoia egin nahi izatea eta indarkeria batez eta biktima batzuez bakarrik aritu izana. Horixe da biktimei egin dakieken minik handiena".
Hala, NaBaik dei egin dio PPri utz dezan alde batera jarrera partidista hori eta, esaterako, har dezala adibide gisa Eusko Legebiltzarrean arlo horretan egiten ari den lana, non talde guztien babesarekin biktima guztien errekonozimendua egiteko ekimenak onartu izan diren.
Bestalde, NaBairen iritziz, "Bilduk ere ezin dio uko egin bere ardurei, herritarren ordezkari diren aldetik, eta bozketan parte hartzeari uko egin. Jarrera horrekin lortu duten bakarra da onartu den testuak ez aitortzea biktima guztiak, eta horrek ez dio inongo ekarpenik egiten ez bakeari, ez normalizazioari ezta herri honen gehiengoaren nahiari ere".








