“Epaitegi Konstituzionalak dagoeneko galdu egin du zilegitasuna arbitro legez aritzeko”. Hala uste du Aralarren koordinatzaile orokor Patxi Zabaletak. “Herritarrek erabakitako estatutua atzera botatzeko jokabideak, batetik, eta bere kideek eman duten espektakuluarekin bestetik, Epaitegi Konstituzionalak zilegitasun osoa galdu du arbitro bezala jokatzeko”, azaldu du Zabaletak.
Aralarren ordezkari nagusia Bartzelonara joan da gaur, manifestazioan parte hartzera, Aralarren koordinatzaileorde Jon Abril eta alderdiko idazkari Rebeka Uberarekin batera. “Etorkizunak eskatzen du nortasun ezberdinen arteko ulertzea eta Konstituzionalak, bere murrizketekin, horren kontra jo du, beraz, etorkizunaren kontra du”, iritzi dio Zabaletak. "Horretan arduradunak, ordea, Konstituzionaleko kideak baino gehiago “alderdi nagusi biak dira; PP eta PSOE, beste edozein erabaki demokratikoaren gainetik, interes partidistak jartzen dituztelako”.
Bestalde, Aralarren koordinatzailearen ustez, sententzia horrek arlo ekonomiko eta sozialean ere atzerapena suposatzen dun. “Krisi ekonomikoari, eta batez ere krisiaren ondorioak jasaten ari direnei kalte handi bat egiten zaie, garapenerako ezinbestekoa delako autogobernuak tresna egokiak izatea eta, kasu honetan ere, horren kontra jotzen du sententziak”, gehitu du Zabaletak.
Beraz, Bartzelonako manifestaziora joatea erabaki du Aralarrek “Euskal Herriarentzat guztiz garrantzitsua eta erabakigarria baita Katalunian gertatzen dena. Aralarren lehentasuna da, ez bakarrik protagonismoa kataluniarrei dagokiela aldarrikatzea, baizik eta nazio handi hori aurrera eramaten ari den borrokan babestea eta ahal dugun neurrian laguntzea. Horregatik goaz Bartzelonara, Kataluniako herritarrei gure babes osoa adieraztera hartu duten erabakiagatik”.








