Aralarrek nahi du larunbatekoa giza eskubide guztien plaza izatea

E-posta Inprimatu

Aralarrek bat egin du larunbaterako hainbat pertsonak deitu duten manifestazioarekin, eta bertan parte hartzera deitu ditu euskal herritarrak. “Eskubide guztien aldarrikapena, giza eskubideak oinarri hartuta, inoiz baino beharrezkoagoa dela” deritzo Aralarrek. Irailaren 11rako deituta zegoen manifestazioaren debekuaren ostean, “erantzun baketsu, indartsu eta tinkoa” emateko premia antzeman du Aralarrek. “Eskubide guztiak pertsona guztientzat beti aitortu ditugu, baina une eta testuinguru honetan, are gehiago aldarrikatu behar ditugu”.

 

Aralarrek, halaber, gogorarazi nahi izan du “ez dagoela pertsona ilegalik, eta ez dugula onartzen alderdiak zein gizarte mugimenduak legez kanporatzeko estrategiarik, jarrera antidemokratikoa delako, ez duelako inongo ekarpenik egiten, ez delako eraikigarria, eta batez ere, oinarri-oinarrizko eskubideen kontra doalako”.

 

Bakeak, ezinbestean, demokrazia gehiago eskatzen du, eta manifestaziorako deian biltzen den moduan, Aralarrek ere “inongo inposiziorik ez duela onartzen, inongo indarkeriarik ez duela onartzen” gogorarazi du.

You are here