Nafarroako Aralarreko Batzarrak erabaki du Patxi Zabaleta izatea Nafarroa Baiko Gobernuko presidentegaia

E-posta Inprimatu

 

Aralarreko Nafarroako Batzarrak Patxi Zabaleta alderdiko koordinatzaile nagusia aukeratu du, botuen %93,81ekin, Nafarroako Gobernurako NaBairen presidentegaia izatea hurrengo hauteskundeetan. Era berean, EArekin eta EAJrekin sinatutako akordioan aldaketa egitea onartu du Batzarrak, erresoluzio baten bidez. Horren arabera, independenteek “ahotsa eta botoa” izango dute Nafarroa Bairen zuzendaritzan. Erresoluzio horrek botoen %85,05 eskuratu du; %4,5ek kontra bozkatu dute eta %10,34k abstentzioaren alde egin dute.

 

Erresoluzioan jasotzen denez, “Aralarrek Nafarroa Bairekiko daukan konpromisoari eusten dio, Nafarroan aldaketa emateko eragile politikoa den heinean”. Gaineratzen denez, “NaBai osatzen dugun alderdiok adostutako eduki ideologikoak, anitzak baino nahikoak, dira etorkizuneko proiektuaren oinarriak”.

 

Aralarrek NaBai mantentzearen alde egindako apustua berresten da, erresoluzioan jasotzen denez, “bere sorretako terminoetan, hau da, alderdien koalizio bezala”. “Barne funtzionamenduak bermatu behar du jasotako babesari eta hartutako konpromisoei erantzun ahal izatea”, azpimarratzen da.

 

Batzarraren aurrean egin dituen adierazpenetan Patxi Zabaletak esan azpimarratu du Nafarroako politikagintzak “aldaketa sakona” behar duela. “Eta aldaketa hori oinarritu behar da egian eta duintasunean, zuhurtzian eta elkartasunean, politikagintzan dagoen ustelkeriarekin amaitzeko”.

 

“Nafarroak politika koherentea eta konprometitua behar du, giza duintasunaren alde lan egingo duena”, nabarmendu du. “Nafarroa Bairen lehentasun eta kezka nagusia da bakea eta normalizazio politikoa lortzea, baina askatasuna eta bakea lortzeko arriskuak hartu beharko dira”, esan du Zabaletak.

 

Aralarreko koordinatzaile nagusiak nafarrek beren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea defendatu du. “Eskubide transbertsala da, eta eskubide guztien oinarrian egon behar da. Normalizazio politikoaren oinarria ere izan behar da”.

 

“Aralarri eta Nafarroa Bairi ez dio inork irabazi behar bakearen aldeko ahaleginetan, eta beti egongo gara soilik bide politikoetatik eta borroka armatua kalte-ordainik gabe utzi behar dela esanda normalizazioaren alde lanean dihardutenen ondoan”, agertu du Zabaletak.

 

Zentzu horretan, Gernikako Akordioaren garrantzia azpimarratu du. “Ez da azken etapa, ez normaltasunaren helmuga, baina bertan biltzen dira gure oinarri programatikoak eta ideologikoak”.

 

Hurrengo hauteskundeei begira, “Nafarroa Baik ilusioz, ausart eta eskuzabal egingo du lan, irabazteko asmoarekin”, azpimarratu du. Gaineratu duenez, “abertzaleok inoiz ez dugu horrelako aukerarik izan Nafarroako gobernura heltzeko”.

You are here