
Gaur hasi, eta hilabete inguru iraungo duen epaiketan, Kurdistango 151 alkate, zinegotzi, BDP alderdiko kideak, giza eskubideen elkarteetako ordezkariak eta GKEetako kideak epaituko dituzte. Guztiei talde armatua eratzea, antolatzea, kide izatea edota laguntzea leporatzen diete, eta denetara, 3.000 urteko kartzela zigorrak baino gehiago eskatu ditu fiskaltzak. Kurdistango hiri nagusienetako alkateak daude auziperatuen artean. Akusazioaren frogak funtsik gabeak direnez, ez dago inolako berme politikorik ez juridikorik epaiketaren garapenerako. Hori salatzeko, Europa osotik etorritako ehun bat ordezkari bildu dira gaur Diyarbakirgo epaiketan, tartean Aralarreko kideak. Horiez gain, ehunka herritar atera da kalera agintariei babesa erakustera, eta epaiketak iraun duen ordu guztiak epaitegiaren atarian eman dituzte. “Bakea” izan da kontzentrazio horretako lelo nagusia, behin eta berriz errepikatu dena.
Akusatuei Kurdistango Herri Konfederazioa sortzea leporatzen zaie. Joan zen abendutik hona 1.500 lagun baino gehiago atxilotu dituzte, BDPk Kurdistango hauteskundeetan emaitza ikusgarriak jaso ondoren. Hainbat hiritan alkatetzak bozken %60, 70 eta 80ko kopuruekin eskuratu zituzten. Epaiketa hau prozesu luze baten hasiera baino ez da.
Kurdistango hiriburu Diyarbakirren 151 agintari kurduren kontra gaur hasi den epaiketan, nazioarteko ikuskatzaile moduan dira Aralarreko koordinatzaileorde Jon Abril eta Arabako batzarkide Iñaki Aldekoa.
Epaiketa goizeko 9:00etan zen hastekoa, baina epaitutako agintarien kopuru handiak, defentsa lanetan ariko diren 250 abokatuak, kazetariak eta nazioarteko begiraleak aretora sartzeko ia bi ordu eta erdi behar izan dituzte. Eguerdiko etenaren ondoren, arratsaldean jarraitu du epaiketak.
Akusatu guztiek beren burua kurdueraz defenditzeko asmoa agertu dute (kurduera ez da hizkuntza ofiziala Turkian). Epaileek ez dute inolako arazorik jarri, nahiz hizkuntza ez duten ezagutzen, eta horretarako bitartekorik ez dagoen.
Nazioarteko begiraleek bilkura berezia egin dute astelehen arratsaldean, egoera salatu, eta Europa osoan barrena kurduen egoeraren berri emateko konpromisoa hartzeko.








