
Hurrengo igandean, urriaren 24an, Aralarrek bere ‘Aralar Eguna’ egingo du Irurtzunen, 'Elkarlanean, Ezkerlanean' lelopean. Jai-giroan egingo da, baina, aldi berean, “aldarrikapenerako eguna” ere izango da. “Bakearen eta normalizazio premia aldarrikatzea ezinbestekoa da, Nafarroak zein Euskal Herriak bere etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea eta ezkerreko politika positiboak aldarrikatzeko eguna izango da”, adierazi du Txentxo Jimenez Nafarroako Aralarreko koordinatzaileak.
Aralar Eguneko ekitaldi politikoan Txentxo Jimenez berak eta Aintzane Ezenarro Legebiltzar taldeko bozeramaileak parte hartuko dute. Era berean, frankismoaren kontra borrokatu zuten pertsonak gogoratuko dira.
Irurtzungo Aralar Eguna oso lotua egongo da alderdiaren 10. urteurrenarekin. “Huts-hutsetik hasi zen alderdi hau, bitarteko gabe, baliabide gabe eta kargurik gabe. Printzipioak, ideiak eta aurrera egiteko tinkotasuna baino ez zituen. Abentura honetan askorik ez genuela iraungo iragarri zuten batzuk, baina 10 urte beranduago, Aralar alderdi sendoa da”, esan du Jimenezek.
Hala, Jimenezek azpimarratu du Aralar Nafarroako hirugarren indarra dela, eta laugarrena EAEn. Halaber, Aralarrek bi ekarpen nagusi egin ditu: bata, bakegintzan eta normalizazio politikoan eta bestea Nafarroa Bairen sorrera.








