
Aralar Eguna dela eta Irurtzungo kiroldegian egin den ekitaldi politikoan Aralarrek eskubide nazionalen eta gizarte bidezkoago baten aldeko borrokan bide politiko hutsak erabili behar zirela jakinez hasi zuela bere bidea azpimarratu dute Txentxo Jimenezek eta Aintzane Ezenarrok. “Bidea hasi genuen eta badatoz beste batzuek atzetik: Gernikan egin dugu topo. Batasuna hasi da onartzen orain dela 10 urte Aralarrek eraldatu zuen paradigma politikoa. Lizarra bere garaian izan zen bezala, Gernika ere mugarri politikoa da”.
“Zoritxarrez, aldatu ez dena”, gaineratu du Aintzane Ezenarrok, “Espainiako gobernuaren jarrera eta ekintzak dira. Portu eta Sarasolak jasan zituzten torturak eta asteon politika egitearren 15 gazte atxilotzea ez da bidea. Eta argi eta garbi esan behar dugu. ETAri esaten diogun tinkotasun berarekin esaten diogu PSOEri eta Espainiako gobernuari: pertsona guztien eskubide guztiak berrezartzea dagokizue”.
Txentxo Jimenezek, Nafarroako koordinatzaileak, Aralarren 10 urteak laburbildu zituen bere hitzaldian. “Alderdi txiki bat izatetik pasatu ginen 2003ko hauteskundeetan Nafarroan lau parlamentari izatera, 2007an bigarren indar bilakatu zen koalizioa sustatu eta gainontzeko alderdi abertzaleei proposatzera, EAEko legebiltzarrean laugarren indarra izatera”, azaldu du Jimenezek.
Aralarreko ordezkariak azpimarratu duenez, “Aralarren uste dugu herri honek ezker abertzale indartsu bat behar duela aldaketa bultzatzeko. Ezker abertzale berri bat izango da eta Aralarren bere sorreratik defendatu dituen oinarrietan abiatuta eraikiko da”.
“Lanean ari gara”, adierazi du Jimenezek, “ezker abertzale zibil eta zabal baten alde, erabakitzeko eskubidea aurrera eramateko orduan erabaki esparruak errespetatzen dituen ezker abertzalea, abangoardiarik gabeko ezker abertzale egituratu eta demokratikoaren alde”.








