
Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak gaur goizean azaldu duenez, Alderdi Sozialista “jarrera aldatzen” ari da ETAren amaierari dagokionez. Zehaztu duenez, aldaketa hori Alderdi Sozialistaren adierazpide guztietan gertatzen ari da, “Zapateron hasi eta PSEraino”. ETBri eskainitako elkarrizketan agertu duenez, Ramon Jauregi Presidentzia Ministerioan izatea “aurrerapausoa” da.
Zabaletaren ustean, “Jauregik ondo baino hobeto ezagutzen du Euskal Herriko egoera politikoa, eta horrek bermeak ematen ditu”. Hala ere, Aralarreko koordinatzaile nagusiak zehaztu duenez, “orain arte izan diren aurrerapauso oinarrizkoenak Batasunan eta ETAri babes soziala eskaintzen zion esparruan eman dira”.
“Estatuak hausnartu beharko du disidentzia politikoa kriminalizatzen duten lege eta jurisdikzioekin jarraitzea posible den, horixe bera gertatzen ari baita orain, Segiko kide batzuk atxilotu dituztenean ETAko kideak direla leporatuta”, salatu du.
Aralarreko koordinatzaileak adierazi du Alderdi Sozialistan “jarrera aldaketa” bat gertatzen ari dela, eta azpimarratu duenez, “eskuinak ere bere jarrera aldatuko du Euskal Herrian gure jarrera eta tinkotasun ideologikoari eusten badiogu”.
Bestalde, Zabaletak azaldu du Patxi Lopez lehendakariak alderdi politikoekin egingo duen bilera txandarako gonbidapena jaso duela, eta Aralarrek baiezkoa erantzun duela.








