Patxi Zabaleta proposatu du Aralarren Nafarroako ejekutibak Nafarroako Parlamenturako NaBairen zerrendaburu izateko

E-posta Inprimatu

 

Aralarri dagokio Nafarroako Parlamenturako 2011ko hauteskundetan NaBairen zerrendaburua izendatzea. Aste honetan alderdiaren Nafarroako ejekutibak kargurako Patxi Zabaleta aukeratu duela ezagutzera eman du. “Koalizioak behar duen kohesioa, koherentzia eta funts ideologikoa bermatzen du” Zabaletak ejekutibaren ustez.

Ostegunean, Txentxo Jimenez Nafarroako Aralarren koordinatzaileak adierazi moduan “Patxi Zabaletak NaBairen apostua irudikatzen duela” gizarteratu nahi du Aralarrek, “berme elektorala da eta Nafarroak behar duen presidentea, gainera”. Hurrengo egunetan militanteek Zabalteran hautagaitza onartu beharko dute.

 

 

“Hurrengo hauteskundetan UPNk eta NaBaik duten indarra alderatuko da, orduan ikusiko da nor izango da Nafarroako lehenengo alderdia, eta NaBai norgehiagoka horretan parte hartzeko prest dago”, esan du Jimenezek. Aralarren bozeramaileak azaldu duenez, “koalizioaren baitan izan diren tira-birak barne debatearen baitan hartu behar dira eta argi eta garbi geratu behar da Aralarren apostua NaBairen aldekoa dela, argi eta garbi”.

 

2011n izango diren hauteskundeen inguruan esan du “egoera politikoa erabat irekia dago, eta mapa politikoak aldaketak adierazten ditu etorkizunari begira”. Horren harira, “UPNren zikloa agortu dela” aditzera eman du, “baliteke PPrekin izan dituen arazoak direla eta hori gertatzea, baina baita ere Nafarroako gizarteak aldaketa nahi duelako”.

 

Ezker abertzalearekin azkenaldian egin diren bileren harira Jimenezek esan du “ez dela irakurketa politikorik egin behar” eta hauteskundeei begira “normalena, ezker abertzaleak beraiek erabaki moduan aurkeztea” dela esan du.

You are here