Patxi Zabaleta: “Gernikako Akordioko sinatzaileen atzoko agirian Estatuari eta ETAri eskatu zitzaien bere edukia betetzeko”

E-posta Inprimatu

Patxi Zabaleta: “En el comunicado de ayer de los firmantes del Acuerdo de Gernika se le pide al Estado y a ETA que cumplan su contenido”

Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak gaur goizean Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan Gernikako Akordioko sinatzaileek atzo plazaratutako agiriaren gorabeherak azaldu ditu. Esan duenez, giro “eztabaidatsua” izan zen bileran, “baina horrek ez du esan nahi lortutakoak garrantzia txikiagoa duenik”. “Atzo agiri bat egin genuen, baina agiri horretan komunean ditugun iritziak jartzeaz gainera, azaldu ziren gure ezberdintasunak. Ezberdintasunak izanagatik, antzekotasunak adosten jakin behar dugu”.

 

Atzo argitaratutako agiriarekin Gernikako Akordioko sinatzaileek mezu nagusi bat bilatzen zutela agertu du Zabaletak. “Madrilgo egunkarietan interpretatu dute ETAri eskatu zitzaiola betetzeko, eta hemen egunkarietan, aldiz, esaten dute Estatuari eskatu zitzaiola betetzeko. Baina egia dena da biei eskatu zitzaiela betetzeko. Baina ez biei bakarrik. Batez ere gizarteari egin zitzaion deia”. Zentzu horretan, dei egin die Gernikako Akordioa oraindik sinatu ez duten eragileei bat egitera. “Hori da etorkizunean saiatu behar duguna egiten. Irizpide politiko ezberdinetatik irekiak egonik beste eragile politikoak Gernikako Akordiora hurbildu daitezen. Gernikako Akordioa irekia dago EAJk, alderdi sozialistak edo EBk edo beste eragile batek noizbait sinatu nahi izango balu”.

 

Bestalde, ETAk astelehenean argitaratu zuen agiria “berri pozgarria” dela azpimarratu du. “Iraunkorra, orokorra eta egiaztagarria izateak egiten du itzulezina izatea su-etena, eta nahiz eta guk ez dugun su-etena hitza nahikotzat aitortzen, betiko etena izan behar duela uste dugulako, aurrera jarraitu behar dugu aurrerapausoa dela aitortuz”.

 

Aralarreko koordinatzaile nagusiak esan duenez, “ez da oso-osorik ETArengandik espero genuen agiria”. Hala ere, azpimarratu du “urrats garrantzitsua” dela, “eta saiatu behar dugu denok atzera bueltarik gabea gertatzea”. “Neurri horretan”, jarraitu du, “segitu behar dugu bakearen eta normalizazioaren alde, bakearen alde jokatu behar delako beti eta nonahi, eta beste edozeinek egiten dutena egiten dutela”.

 

Zabaletak nabarmendu duenez, “bakeak izan behar du baldintzarik gabea, eta horregatik aldebakarrekotasuna hainbeste alditan errepikatzen dugu. Estatuak ez baluke ezer egingo ere, guk aurrera jarraitzea bultzatu behar dugulako. Horregatik aurkitu dizkiogu ETAren agiri motz horri aldebakarrekotasun hori ez aitortzea eta, baita ere, bere azken paragrafoan ETA erakundeak esaten duenak badu horrelako kontraesan maila agirian bertan hasieran dagoen aitorpen batekin, alegia, politikagintza eragile politikoei dagokigula soilik”.

You are here