
Txentxo Jimenez Nafarroako Aralarreko koordinatzaileak esan du EAk eta Aralarrek Nafarroa Bai bezala koalizioan aurkeztea sinatu zutela, eta akordio hori indarrean dagoela eta konpromisoa betetzeko asmoa dutela. EAk barruan jarraitzea espero duela azpimarratu du. Txentxo Jimenezek gaineratu duenez, “azken egunotan aktibitate handia izaten ari da Nafarroa Bai osatzen dugun lau eragileen artean, hartu ditugun konpromisoak hilabete honetan bertan aurkezteko, eta EA aktibitate horretan parte hartzen ari da”.
Era horretara mintzatu da Txentxo Jimenez Batasunak, EAk eta Alternatibak igande honetan Hego Euskal Herrirako aurkeztuko duten akordioari buruz mintzatzerakoan.
Aralarreko ordezkariak esan duenez, NaBai jendaurrean aurkezteko prozesua amaitzear da. “Astebete edo hamar eguneko epea baino ez da falta; hori izango da egia islatzeko unea”. “Horren bitartean”, gaineratu du, “EA koalizioaren barruan dago, eta hori horrela izango ez denaren zalantzarik ez daukagu”.
EAk Batasuna eta Alternatibarekin igandean aurkeztu behar duen hitzarmena nola ulertu behar den galdetzerakoan, Txentxo Jimenezek erantzun du “lanbideetan badirela igeltseroak, traktorearekin ibiltzen direnak eta ekilibristak ere badirela. Gu trapezioaren gainean oso eroso ez gara sentitzen, baina egia da trapezista oso-oso onak ere badaudela; beraz, auskalo!”.
“Alderdi batek koalizio baterako bere izena ematen duenean, alderdi horrek ezin du legalki beste edozein zerrendatan aurkeztu”, azaldu du Txentxo Jimenezek. “Aralar jakitun izango balitz NaBaiko alderdi batek beste hitzarmen elektoral bat sinatua daukala Nafarroarako, Aralarrek uste izango luke alderdi horrek Nafarroa Bairekin hautsi duela. Baina Aralarrek ez du uste akordio hori dagoenik”, esan du.
Bestalde, Txentxo Jimenezek ez du uste igandean aurkeztuko duten akordioak hauteskundeetarako edukirik jasoko duenik. “Ez da posible, hiru sinatzaileetatik bat legezkoa ez delako eta, horren ondorioz, aurkezten ari diren hori automatikoki indargabetuko lukeelako. Igandeko aurkezpenean ez dute aitortuko hauteskunde izaera”.
Dena dela, Txentxo Jimenezek adierazi du EAk azpimarratzen duela ez duela onartzen NaBairekiko daukan konpromisoa zalantzan jartzea. “Guk ez dugu zalantzan jartzen, sinatua daukagulako, eta sinatu duten horretan atzera egiten ez duten bitartean, ontzat emango dugu”.
Azpimarratu duenez, “urtarrileko hilabetea funtsezkoa da, Nabairen jendaurreko aurkezpenerako. Hilabete amaierako argazkia izango da Nafarroa Baik 2011ko hauteskundeetarako hartzen duen konpromisoa islatuko duena. Orduan ikusiko da nortzuk gauden eta bertan gaudenak izango gara maiatzeko hauteskundeetara ailegatuko garenak”.
Bestalde, Txentxo Jimenezek esan du zalantzarik ez duela Batasuna hauteskundeetan izango dela. “Eta horrela izan behar du, gainera. Nafarroako hauteskundeetan parte hartzea nahi dut, beraiekin lehiatu ahal izateko. Eta hori hala da beraiekin batera aurkeztea ezinezkoa izan delako, ez beraiekin lehiatu nahi dugulako”.
Amaitzeko, Txentxo Jimenezek ez du uste Batasuna hauteskundeetan izatea eragin handirik izango duenik Nafarroa Baik gizartean daukan proiekzioan eta babes sozialean.








